Pieza de Escucha I o La Fidelidad al Fracaso (Aditzeko Pieza I edo Porrotarekiko Leialtasuna)

fecha: 
Osteguna, 22 Abendua, 2016 - 19:00

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Santiago Astaburuaga konpositore txiletarrak Pieza de Escucha I (Aditzeko pieza I) konposatu zuen 2013ko urtarrilean. Jon Mantxi gitarristak pieza hori aurkitu zuen -berak bakarrik daki nola- 2016ko ekainean. 2016ko uztailean pieza jotzea proposatu zion Fernando Ulzioni. Udak planak zapuztu zituen. Pieza jo gabe geratu ziren. Irailean egindako bigarren ahaleginak emaitza izango zuela ematen zuen. Gitarrista eta saxofoi-jotzailea elkartu ziren, eta ia irakurri ere egin gabe, ia deszifratu gabe, ia analizatu gabe, hari buruz ia batere hitz egin gabe, ia aztertu gabe, ia ez lantu ez espantu jotzen hasi ziren, ezer ulertu gabe, zertan ari ziren batere jakin gabe, noraino iritsiko ziren batere jakin gabe.

Santiago Astaburuaga konpositore txiletarrak Pieza de Escucha I konposatu zuen 2013ko urtarrilean, urtean zehar konposatu zuen bost piezako serieko lehenengoa. Gradu-ondoko ikasketetako “urte ardatza” izan zuen hura Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko Musika Eskola Nazionalean. Pieza horien sorrera analizatzearen emaitza izan zen musika-konposizioko maisu-gradua eskuratu ahal izateko 2014an idatzi zuen 165 orriko tesia

Jon Mantxik eta Fernando Ulzionek Pieza de Escucha I jaso zuten, eta, gutxieneko komunikazioko eta adostasun funtzionaleko oinarrizko prozesua hitzartzeko elkarrizketa labur baten ondoren, jotzen hasi ziren, itsumustuan. Soinu- eta arau-paleta mugatu batek osatzen du pieza. Sei minutuko zortzi atal, bakoitza mugatuta zazpi multifoniko, hamaika zarata, zortzi goi-goiko eta hamabi ekintza pareren araberako “entzun-ekin” zati txikiekin. Musikariek zezeldutako hizkuntza baldar baten jaiotza bezala hartzen dute hizkuntza mugatua. Nekez esaten du, nekez entzuten da, nekez ulertzen da, nekez komunikatzen du. Musikariak soinu-paleta mugatua adostuz doaz (gehiegizkoa izan daiteke eurentzat), guztia osatu arte. Denboran zehar jotzen dutenean, piezaren esaldi musikalak osatzen dituzten morfemak dituzte. Baina ez dute ulertzen ez haien esanahia, ez haiek gobernatzen dituzten arauak, ez eta haren ordenaren zentzua ere. Piezako konposizioaren menpe dabiltza, beren gaitasunak uzten dien punturaino, baina analfabetoak sanskritoa irakurtzen dutenean bezala interpretatzen dute. Piezak bi musikari behar ditu, eta bi musikariak piezaz baliatzen dira jotzeko. Harremana gauzatzen da musikarien eta konposizioaren artean, nekez ideala, baina harremana azken batean.

Pieza osorik joko dute (50 minutu inguru) abenduaren 22an, ostegunarekin, Bilboko Bulegoan. Pieza bukatuko da, eta, beharbada, porrot egingo dute, musikariek eta entzuleek. Baina musikako gau-ekitaldi bat osatzeko behar den guztia izango da bertan: arau musikal batzuen menpeko konposizio bat, konpositore batek konposatua, musikari batzuek instrumentu batzuekin entzuleen aurrean joa, konpositore batek konposatutako pieza bat aditzen ari diren entzuleen aurrean musikari batzuek instrumentu batzuekin interpretatzeko prestatutako lokal batean.

Biografiak: 

Jon Mantxik gitarran oinarrituriko inprobisazioa lantzen du. Bakarkako proiektua 2010 inguruan hasi zuen, Gora Japon taldearen jardunarekin tartekatuz. Dena den, proiektua 2015etik aurrera finkatu da, gitarra elektrikotik akustikora pasatzearekin eta kontzertuak era jarraituan egitearekin bat. Gitarra jotzearen alderdi fisikoak eta klitxeak interesatzen zaizkio, baita espazioarekin eta unean uneko egoerarekin jokatzea ere. Ikuslearen espektatibak, antzerkia eta birtuositatea zalantzan jartzea dira kontuan hartzen dituen beste aspektu batzuk. Bakarkako kontzertuak besteak beste honako leku hauetan eman ditu: Zarata Fest jaialdian (Bilbo) , Espacio Tangenten (Burgos), Huarte Zentroan (Huarte, Nafarroa), EHU Bizkaia Aretoan (Bilbo), Arto Artian Jaialdian (Azkoitia), Larraskitu Klubean (Bilbo), Azkuna Zentroan (Bilbo), Katakrak (Iruñea), Zas! Espazioa (Gasteiz) eta abar.

Musikari gisa Karidadeko Benta, Gora Japon, Billy Bao, eta inprobisazioan oinarrituriko talde ezberdinetan jo du (Mattin & Quartet, Konbo Secreo, Zetangauz, eta kontzertu konkretuetarako sorturiko bikote, hirukote eta taldeekin).

Fernando Ulzión (Bilbo, 1975. Saxofoi-jolea prestakuntzaz, orain zazpi bat urte ekin zion musika-ibilbideari. 2009an egin zuen debuta, Ex Machina Musika Jaialdian aurkeztu zen Juan López Díez artista plastikoaren It’s tricky instalazioaren barruan, eta Ñu Kids On The Mem ad hoc taldean, Sergio Llanos eta Naiara Anasagastirekin batera (Bakelite bikotea). Gero, isilik egon zen 2012ra arte, eta urte horretan zementuz estalitako Ulzión diskoa argitaratu zuen (Grabaciones Redilar. Bikotekidearekin eta lau urteko semearekin partekatzen duen etxebizitzako egongelako metro karratu batean grabatuta dago. 2013ko uztailean, rock-poverako Los Plomos taldea sortu zuen Villapellejos taldeko kide batzuekin. Kontzertuak egin dituzte aldizka, adibidez, Cerdigo herrian (Kantabria). 2013ko azaroan, Miguel A. Garcíak (Xedh) zuzendutako M.A.G. Ensemble taldean sartu zen, Lorea Argarate, Ibon RG, Myriam Petralanda, Mikel Vegas eta Unai “Piñas” kideekin batera. Taldeak pieza bat aurkeztu zuen Bilborock aretoan, MEM Jaialdiaren barruan. 2014ko maiatzean Oier Iruretagoienaren eta Loty Negartiren Concierto 2000 pieza jo zuen Larraskito Klubean, Jon Mantxi, Ibon RG eta bi egilerekin batera. 2014. urtean, mendebaldeko herri-musika elektrikoko La Hora del Primate taldean sartu zen (Münsterland, Los Paniks, Inserta, RoscaChapa, Cápsula,… eta beste talde batzuetako kideek eratutako taldean). Single bat grabatu zuen haiekin. 2014ko udaberrian, Zarata Fest-eko parte bat izan zedin asmatutako hiriko ganbera-musikako El Palomar taldea sortu zuen, Álvaro Brutus Matilla (Karpenter), Txemi Artigas (Villapellejos), Alberto López (Billy Bao) eta Miguel A. Garcíarekin batera. Zarata jaialdiak Madrilen egin zuen lehenengo edizioan ere jo zuten. 2015ean, ultrajazz musikako Orbain Unit taldean hasi zen, Iker Arrazola (Akauzaste) eta Joxean Rivas (Killerkume) bateria-jotzaileekin, Mikel Vega gitarristarekin (Killerkume) eta Txemi Artigas baxu-jotzailearekin batera. Urte berean, Zarata Fest-en parte hartu zuten, eta, 2016an, Repentino Records disko-etxearen lehen lana eman dute argitara, Suiseki. 2016an, munduko bira hasi zuen bakarka, Bilboko Sarean aretoan Jon Mantxi gitarristarekin batera egindako kontzertu bakarrarekin. Larraskito Klub-en Miguel A. Garcíaren Qualksums pieza joko du, María Seco, Matías Riquelme, Mikel Vega, Myriam Petralanda, Mayi Martiarena eta egilearekin batera.

Fernando ez da musikaria. Ez musikaria da. Ez da instrumentista. Instrumentuak erabiltzen ditu. Saxofoi altoaren eta sopranoaren noblezia. Ez da noblea. Metala. Haragia. Ufakoa. Adurrak. Musikaren tradizioa. Soinuaren traizioa. Ez du ibilbiderik. Ia. Soinua. Ia. Zarata. Ia. Ezer ez. Ia.

Santiago Astaburuaga, Pieza de Escucha I lanaren konpositorea (Txileko Santiago, 1980). Konpositorea, interpretatzailea eta ikertzailea. 2000. eta 2012. urteen artean baxu-jotzailea eta konpositorea izan zen MediaBanda, Yonhosago, Akinetón Retard, Klaine Trío eta Proyecto Ensamble taldeetan. 2010etik aurrera, colectivo & taldean sartuta dago. Partitura esperimentalak sortzea eta egitea, eta testuak itzultzea eta argitaratzea da taldearen lanaren ardatza. Musika-tailerrak gidatu ditu haurrekin eta gazte autistekin Txilen (2011) eta Mexikon (2014-2015). 2012. eta 2014. urtean Konposizioko Maisutza egin zuen Mexiko Barruti Federaleko UNAMen. Gaur egun, doktoregoko ikerketa bat egiten ari da unibertsitate berean.