Ikerketa-ildoak : Formagabeko ezagutza-formak

 

“Esaten dut tara, eta inork ez dit ulertzen; esaten dut tara eta itxatsa eta, dagoeneko, askok ulertzen didate; azkenik, esaten dut tara eta itxatsa, eta ekomero eta ezraia, eta, ikusten dudanez, denek ulertzen didate. Sistemek konbentzitzeko duten botere bidegabeak –bestela ere, epistemologikoki behar-beharrezkoa denak– gertaera honetan du sorburua: giza burmuina, inertziaz eta fomalistikoki, guztiz analogikoa eta konbinatorioa da.”

(Rafael Sánchez Ferlosio, Vendrán más años malos y nos harán más ciegos (Urte txar gehiago etorriko dira eta itsuago bilakatuko gaituzte) 1993)

Hitzek, hizkuntzaren materiak berak, polemika eta eztabaida egituratzeko aukera ematen digute. Hitzak, berez, polemika eta eztabaidarako gaia ere badira. Itxuraz, inoiz ez da adostasunik egoten, haien bidez zer adierazi nahi den erabakitzerakoan. Bestetik, jende guztiak uste du ondo dakiela zer esan nahi duen mintzatzen denean. Polemikoak, nahasgarriak eta polisemikoak izan arren, nolanahi ere, hitzek gatazka-zelai zehatz-mehatz bat marrazten dute.

Itzultzea, hau da, hitzen zentzu doia beste hizkuntza batera aldatzea ezinezkoa da; eta horrek ziurgabetasuna sartzen du gatazka-zelaian. Hala, bada, zein da, adibidez, “informe” hitzaren esanahia frantsesez eta gaztelaniaz? Hitz horretan gurutzatzen diren hainbat esanahi eta etimologia galdu egiten dira beste hizkuntza batzuetan: adjektiboa latinaren informis erroaren eratorria da, eta zerbait “moldagabea eta zehazgabea” ematen du aditzera; izena, berriz, gaztelaniaren “informar” eta frantsesaren informer aditzetik dator, eta hori gai zehatz bati buruz informatzen duen dokumentuari dagokio. 1929. urtean, Georges Bataille-k izen bilakatu zuen adjektiboa, eta, era horretan, polemika eta anbiguotasun gehiago sartu zuen eztabaidan. Dictionnaire critique lanaren osagai nagusia izan zen hitz hori erreakzio gisa sortu zen, dena forma bilakatu behar dela dioen eskakizunaren aurreko erantzun modura. Formalismoari dagokio eskakizun hori, modernismoari lotutako joera garrantzitsu bat. Era berean, “deskalifikatzeko balio duen hitz gisa” ere erabili zuen.

Abiaburuko onarpenek eskaintzen duten segurtasunetik ihes egin nahian, Formagabeko ezagutza-formak ikerketa-ildoa “forma”, “ezagutza” eta “formagabe” hitzez jabetu da, baina ez aurrez finkatutako zentzu itxietan aipatzeko, baizik eta bihurritzeko, eta ekoizpen artistikoari lotutako jakintza sortzeko molde berriak antzemango dituen tresna lagungarri gisa baliatzeko.

Ideia horri jarraiki, gonbit egin diegu ingurune desberdinetakoak diren ekimen batzuei, ezagutza-bide berriak proposatzen baitituzte, esperientzia praktikoa bera abiaburutzat hartuta. Programak esperimentaziorako gunea izan nahi du, esperientzien eta ideien arteko elkarketa izango da haren oinarria, eta itzulpena ezinbesteko metodologia izango da proposamen bakoitzaren berezitasuna begien bistan jartzeko. Formagabeko ezagutza-formak ikerketa-ildo gisa jartzen da abian, eta Bulegoa z/b ekimenaren abiaburuko definizioa sustatu eta bizirik iraunarazi nahi du.

Itxuraz programaren izenburuko hitzek halabeharrez eramaten gaituzten eztabaida modernotik urrun dagoen ingurune batean jardun arren, Formagabeko ezagutza-formak ikerketa-ildora gonbidatutako proiektuek jarrera bera dute eztabaidatzeko: hitzek ematen duten gatazka-zelaiaz gain, sinetsirik daude bestelako gatazka-zelaiak daudela diskurtsoa garatzeko; itzulpenaren erabilpena metodologia kritiko moduan; kritikoa izan nahi duen proiektu orok inplizituki aurre egingo dio formalismo hutsa bilakatzeari; subjektibotasuna eraikitzeko zenbait prozeduraren erabilera, hala nola, lekualdatzea, sailkapenetik ateratzea edo urruntzea, eta artxiboa antolamendu berriak egiteko aukera ematen duen gailu gisa baliatzea; edota editatzeko eta itzultzeko lan guztiei aitortutako balioa, hain zuzen, Brecht-en hitzetan, “historizitate orok funtsean duen balio ‘kritikoa’ lehengoratzea”.